Aritz Legorburu: "Lanak iraunkortasunera bideratuta egon beharko du, gure produktuen bizi ziklo osoa kontuan hartuta"

Aritz Legorburu Beasaingo CAFeko gida kabinen diseinuaren arduraduna da. Mugikortasun iraunkorreko sistema integraletan nazioarteko liderretako bat da CAF. 

Zer ematen dio diseinuak gizarteari?

Diseinu industrialak gizartearen beharrei erantzutea ahalbidetzen du, produktu eta zerbitzu berritzaileen bidez bizi kalitatea hobetuz. 

Eta enpresetan?

Pertsonengan oinarritutako balioa gehitzeko aukera ematen du.

Zer ezaugarri behar ditu disenatzaile batek eraldaketa eta berrikuntza eragile izateko?

Proaktiboa, sortzailea eta liderra izan behar du. Garrantzitsua da erakustea espezialitatea menderatzen duela eta enpresetan ohikoenak diren kudeaketa prozesuetan integratzeko gai dela. Garrantzitsua da hizkuntza egokitzea mezua iritsi eta barneratzeko, eta ROI (inbertsioaren gaineko itzulera: inbertsio batetik lortutako onura edo erabilgarritasuna jakiteko tresna) baten bidez balio erantsia argudiatzea. Adibidez: duela sei urte errealitate birtualeko maketa bat egin genuen, eta horrekin beste diseinu prozesu bat planteatu zen. Frogatu dugu VRa erabiltzea abantaila teknologikoa dela. Onura ekonomikoak ekarri eta epeak laburtzen dizkigu. Hori ez litzateke posible izango diseinu industrialeko prozesu sendo batean aplikatuko ez bagenu. Errealitate birtualak diseinua aplikatzen den prozesuaren hobekuntzak ikusarazteko balio izan du. Lengoaiaren aldaketa bat izan zen, konpainiaren barruan diseinu industriala ikusarazteko balio izan ziguna.

Zer ezaugarri nabarmentzen dituzu zuen enpresara iristen diren diseinatzaileengan?

Proaktiboak, sortzaileak eta diziplina anitzekoak dira. Balio erantsi handiko argudioak emanez nabarmentzen dira. Ondo garatutako ‘soft skill’ak dituzte eta alde teknikoa azkar ikasten dute.

Nola eguneratzen dira diseinatzaileak? 

Beste sektore batzuekin aritzen diren diseinu estudioekin lan eginez. Adibidez, gure kasuan, hegazkingintzarako eta automobilgintzarako lan egiten duten diseinu estudioekin lan eginez. Nola egiten duten lan ikusiz asko ikasi dezakegu. Baita hitzaldietan ere. Niri gustatzen zait ikasleak edukitzea GRALak eta MALak (Gradu eta Master Amaierako Lanak) egiten. Unibertsitatean ikasten dituzten teknika berriak aplikatu eta zer egiten duten ikusten duzu,  alerta bat aktibatzen dizute eta ikasteko informazioa bilatzen duzu.

Unibertsitatean irakasten dena enpresetan eskatzen dena da?

Nik gehien ezagutzen dudanetik, hau da, Mondragon Unibertsitatetik, uste dut gradua ondo dagoela. Masterrak hainbat orientabide izan ditu. Guretzat hoberena ikuspegi teknologikoena izan da, zerbitzuak eta lotutako produktuak sortzeari buruzkoa.

Enpresa gisa, zer eskatzen dizute disenatzaileek?

Funtsean, lan baldintzei dagokienez, telelana eskatzen da eta hori kontraesankor gerta daiteke, diseinua talde lana baita. Egia da teknologia berriekin asko hobetu dela. Diseinuari dagokionez, ideia berritzaileak sortzeko askatasuna eskatzen da, eta hori sustatu egin beharko litzateke. 

Zer erronka izango ditugu hemendik bost urtera?

Teknologiari dagokionez, industria diseinuaren prozesuan Adimen Artifiziala integratzea. Adibidez, kontzeptualizaziorako Vizcom bezalako plataformak integratzea. Horri esker, kontzeptuak oso azkar sortuko dira modu bisualean, sei orduko errenderizazioa ez da beharko. Bestalde, lan guztia iraunkortasunera bideratu beharko da, gure produktuen bizi ziklo osoa kontuan hartuz.

Nola lagun genitzake lerrokatzen unibertsitate eta enpresak, diseinatzaileak enpresen barruan balio handiagoa eman dezan?

Master garaian, nazkatuta nengoen Apple, Nesspresso, Ikea eta abarren adibideekin. Faltan botatzen nuen Euskal Herriko enpresak balioan jartzea, hala nola Orbea, Irizar eta beste batzuk, diseinuaren aldeko apustua egin baitzuten beren produktuen porfolioan balio erantsia sortzeko. Garrantzitsua da unibertsitateak enpresetara gehiago etortzea, errealitatea ezagutzeko. Zer rol behar ditugun, nola diseinatzen dugun, nola fabrikatzen dugun jakitea. Enpresen aldetik unibertsitateei ateak ireki behar dizkiegu, adibidez, GRAL eta MALak hartuz.

Nola alda genezake “beti horrela egin da eta inoiz ez da ezer gertatu” jarrera, diseinuaren aldeko apustu estrategiko batean?

Enpresetan aldaketa kulturala eragingo duten urrats txikiak eginez. Jakin behar dugu aldaketaren helburua bi edo hiru urteren buruan gauzatuko dela. Datuekin argudiatu behar ditugu aldaketa proposamenak. Aurrerapenen jarraipena egin behar dugu. Enpresa barruan beti egongo da norbait aurka, oso zaila da botere guztiak lerrokatzea. Baina diseinu taldeak ROIa erakusten badu eta bezeroek eskatzen badute, ez da ezer hoberik izango. Bere pisuz eroriko da.

Aritz Legorbururi buruz

Produktuen Diseinuaren Ingeniaritzako Gradua – Mondragon Unibertsitatea.

Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoaren Unibertsitate Masterra.

https://www.linkedin.com/in/aritzlegorburu/